XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Historian zehar eta XIV. mendean Bizkaiko Jaurerria osatzen zuten entitate instituzionalak kontutan hartuz, Uribe Merinaldean barne murgilduko gara lehen etapa honetan.

Oinaztar eta Ganboatar leinuen arteko borroken adierazgarriak ikusteko ere aukera izango dugu: hainbat dorretxe.

Ibilaldia hasi eta laster, Erandion aurkituko dugu lehena, Martiartuko Dorrea, dotorea, ondo zaindua, bizkaitar dorretxeen berezitasun guztiak gordetzen dituena, eta aparteko arrazoi bereziren bategatik XV. mendearen erdialdera Enrike IV Erregeak agindu zuen dorretxeen jaitsitze eta berriro harriz eraikitzearen debekutik salbu geratu zena, bertan ikus dezakegunez.

Bilbon hasi eta Deustutik Erandiora egin dugun bidealdi honetan industria kimikaren kokamendu garrantzitsu bat zeharkatu izan dugu.

Hortik Lamiakora bidean berriro beste industria gune berri bat.

Neguri, Algorta, Areeta eta Erromo; laurak Getxo Udalerriaren barne.

Itsasertza, malda gogorrak eta hondartza leunak tartekatuz.

Barnekalderantz, gero eta beherago harik eta Gobela ibaiaren bailarara heldu arte, tartean hainbat tontor geratzen direlarik.

Eskumaldetik ezkerraldera begira, Nerbioi ibaiaren albo bi hauek izan zirenaren eta egun direnaren arteko bilakabide ezberdinak ulertzera laguntzeko zenbait gogoeta: XIX. mendearen erdialdera, alde hau nekazal gune txiki bat besterik ez zen, arrantzale portu bat zuelarik (Algorta).

Berdin bestekaldean Santurtzi eta Portugalete.

Baina XIX. mendearen amaierako eta XX. aren hasierako industrializazio prozesuak ekarriko ditu desberdintzapenak: Abrako portuaren lanak egiterakoan, Gran_Bilbao delakoaren itsas trafiko osoa irentsi beharko dute azken bi hauek.

Bitartean, Getxok, bilbotar burgesiarentzat luxuzko bizileku bihurtuko diren bi auzoren jaiotza ezagutuko du: Areeta eta Neguri, hain zuzen.

Ibaiaren bi bazterron arteko lotura bakarra orain gutxirarte, Bizkaiko Zubia izeneko zubi-zintzilikatua, Areeta aldean.